XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) hau ondoen ikertu duen Michael Prawdin historigile alemaniarraren pista jarraitzen badugu, errauts horietan kokatzen da gero Kan Handiak Sharen errainuarekin burutu nahi zuenaren metafora, hiri osoen errautsaz ordaindu lau gizonen bizar kiskalien iraina.

Dei hari erantzunez, 250.000 nomadaz osaturiko gudalostea iritsi zen.

Ikus dezagun, merezi du eta, abarrots artean murgildurik nolako ekipaia garraitzen zuen garaiko armadarik handi eta prestatuenak: gudari bakoitzak orratza eta haria zeramatzan, zaldien lepoko zainetatik odol beroa edan ondoren zauria berehala ixteko, geziak zorrozteko harraitza, sedaki latzezko alkandora bana, zeren eta gezi etsaiak zirikoa oso-osorik sartzen baitzuen haragian, oihalak burdina bere baitan bilduz, eta zeramatzaten sendagile atzerritarrak babes horretaz baliatzen ziren gezia ateratzeko; bizpahiruna zaldiz osatua zihoan bakoitza, eta bi eratako armez, batzuk urruneko erasoentzat, eta aurrez-aurreko borrokarako besteak, hala nola arkua eta bi karkaiz, bata beti prest, bestea gerorako, badaezpada euritako oihalean bil-bil eginda, azta-makila, gakoaz hornituriko aiztagak zaldun etsaiak eraisteko, ezpatokerrak, aizkora kirten luzeak eta lazoa, abilezia harrigarriaz erabiltzen zutena.

Lan handietarako ingeniari txinarrak zeramatzaten, artisau bikainak zirenak zubiak egiten, ibaiak desbideratzen, edota, hiriak hertsidura gorrian zeuzkatela, uholdeak eragiten.

Artilleria tresnak, hauek ere txinarrak, yacs eta gameluen bizkarrean eramaten zituzten, eta hiru ziren nagusi (...).